viernes, 28 de diciembre de 2007

Mendiak Lau Haizetara - plataforma (euskaraz)

Iturria: Izate ekologistak

"Lurraldeko Energia Eolikoaren Arlokako Planean ”, Arabako lurraldeari dagozkion aukeratutako kokalekuetan bizi garen herritarrok gure kezka eta ardura azaleratu nahi ditugu. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak zentral eolikoak eraikitzeko esleipenaren inguruan hartutako erabakiaren ondorioek kezkatzen gaituzte. Zentral hauen behin-behineko kokapenak, II. Taldea deritzonaren arabera, Arkamo, Iturrieta, Aldako Gurutzea eta Kolometa dira.

Proiektu eoliko hauen behin-behineko lau kokaleku hauen aurka ditugun arrazoien artean, honakoak azpimarratu nahi genituzke:
1. Ingurumenarekiko eragina onartezina da: aipatutako lau kokalekuak, Lurraldeko Energia Eolikoaren Arlokako Planaren arabera, ingurumen-eragin handiena dutenak dira; Kodes eta Salbadak soilik dute aurreko laurak baino ingurumen-eragin handiagoa eta arrazoi honengatik bota dituzte atzera. Hona hemen 100 puntuko baremo batean oinarritutako ingurumen-eraginaren balorazioak: Arkamo 73,2 puntu, Iturrieta 70,5 puntu, Aldako Gurutzea 61,7 puntu eta Kolometa 58,9 puntu. Azpimarratzekoa da Ordunteko kasuan Ingurugiro Inpaktuaren Adierazpena negatiboa izan zela, ingurumen-eraginaren balorazio baxuagoa edukita (57,6 puntu).
2. Bideratze Planaren bat-bateko iraungitzea: LAP honetan jasotzen diren aurreikuspen energetikoak, zein teknologia eolikoari gaur egun dagozkion parametro teknikoak bezalako hainbat atal erabat zaharkituta daude. Honez gain, lau kokalekuak, Red Natura 2000ren parte diren heinean, LAPa onartu ondorengo Ingurugiro Legediaren aurrean ere zaharkitua geratu dira. Gainera ezin dugu ahaztu Arabako Batzar Nagusiek aho batez eskatu zutela Plan honen berrikuspena.
3. Gure mendien balioa ulertzeko eraren aldaketa: zentral eoliko hauen eraikuntzak gure mendiak industrializatzea ekarriko luke eta hori ez dator bat gure arbasoek belaunaldiz belaunaldi oinordetzan utzi diguten ondarearekin; mendien kudeaketa horri esker jaso dugun aberastasun naturala era itzulezinean eraldatuz gero, Araban ez litzateke desnaturalizatu gabeko mendilerrorik ikusiko.
4. Udalbatzak finantziatzeko beste era bat behar dugu: ekonomikoki beste instituzioekiko aldea arintzeagatik etorkizuna saldu eta herri-basoak pribatizatzea ekiditeko, gure basoek biodibertsitateari egiten dioten ekarpenaren balorazio ekonomiko baten beharra dagoela ikusten dugu; instituzioek biztanleria landatarra abandonatzeak eta bizi baldintza duinen gabeziak, enpresa energetiko handien menpe uzten gaitu.

Honengatik guztiagatik, aipatutako lau kokapenetan dagoen arazoaren izaera egiaztatu ondoren, eta nahi dugun garapen ereduari buruz iritzi berekoak garela kontuan hartuz, geure indarrak batzea erabaki dugu “Mendiak lau haizetara” plataforma sortzeko. Honako hauek dira plataforma honen helburuak:
- Informazioa: proiektuen ezaugarriak, ingurunean edo gizartean izan dezakeen inpaktua edota bideratze administratiboari buruzko kontuak, interesa duten guztiei zuzenduak.
- Partaidetza: gizarte eztabaidarako topalekuak antolatuz, administraritzarekin elkarrizketarako bideak zabalduz.
- Oposizioa: proiektu hauen kontra gaudenez, geure eskuetan dauden bitarteko guztiak erabiliko ditugu proiektuak bertan behera gera daitezen. Industria Sailak erabakitako esleipenak indargabetzea eta luzamendu bat ezartzea izango lirateke lehenengo helburuak.
- Energia-iturri berriztagarriak sustatzea hurrengo baldintzapean: Ingurumenaren errespetua eta deszentralizazioa bultzatu nahi ditugu. Proiektuak auto-hornikuntzara bideratu eta bertako Batzar Administratiboen kontrolpean egon daitezen lortu, baita balizko mozkinak bertako ingurumen eta gizarte garapenean inbertitzea ere.


Kontrastan, 2007ko Azaroaren 24an

No hay comentarios: